Esne Beltza eta La Pulquería izango dira Sopela Kosta Fest jaialdiaren hirugarren ekitaldiko buru

2016(e)ko abuztuaren 5(e)an

Irailaren 22tik 25era izango da, surfaren eta bere kulturaren pisu handiagoagaz

  • Udaletxeko plazan kokatuko den oholtzan 9 taldek eta DJ-k parte-hartuko dute: Sorkun, Hey Mr. Neken, Dead Bronco, Belize, The Great Barrier, The Clams eta DJ Göo, aipatutako Esne Beltza eta la Pulqueríarekin batera
  • Jaialdiak Euskadiko Surf Zirkuitoko bigarren lehiaketa hartuko du, Euskal Herriko Txapelketa jokatuko da SUP, longboard eta helduen mailan, eta EHSFren kluben arteko lehiaketan emakumezkoak izango dira taldeetako kapitainak
  • Surfaz eta naturaz eginiko erreportaiak aurkezteko epea abuztuaren 29ra arte zabalik izango da

Sopelan 2016ko abuztuaren 8an. Inoiz baino surf gehiago eta Euskal Herriko musikarien pisu handiagoa. Horiek izango dira irailaren 22tik 25era artean Sopela Kosta Festen hirugarren jardunaldiak izango dituen ezaugarri nagusietako bi. Ohikoa denez, Bizkaiko kostaldeko herri honetan egiten den jaialdiak natura, surfa, surfaren kultura eta musika izango ditu ardatz. Sopelako Udalak, ikuskizunen antolatzailea den aldetik, gaur aurkeztu du udaletxeko plazan kokatuko den oholtzan erabat doan joko duten talde eta DJ-en behin betiko zerrenda.

Valentziako La Pulquería taldea izango da ostiraleko, irailaren 23ko zerrenda-burua eta ohikoak dituen musika estiloak nahastuko ditu, tartean mexikar korridoa, ska edota hard rocka. Egun horretan, Amerikar Estatu Batuetako Eagles taldearen omenez egiten duen rocka joko du Hey Mr. Neken taldeak, Belize gipuzkoarren aurretik. 90eko hamarkadan Kashbad taldeko buru izan zen Sorkun kantariak erakustiko du, halaber, zergatik den XX mendeko euskal rockaren erreferentzia nagusietakoa.

Larunbatean, irailaren 24an, Esne Beltza izango da kartel-burua, trikitixa eta musika estilo beltzagoak uztartuz. 50eko eta 60ko hamarkadetako usaina darion soulaz arduratuko da Madrilgo The Clams, erabat emakumezkoz osatutako taldea. Dead Bronco eta The Great Barrier bizkaitarren rock independientea eta DJ Göo nafarraren disko saioak itxiko dute musikaz beteriko bigarren jardunaldi hau.

Surf gehiago, txapelketak eta dohako ikastaroak

Sopela Kosta Festen hirugarren ekitaldia orain arte egin diren guztien artean ‘surferoena’ izango da, kirol honen inguruko kulturari lotutako hainbat ikastaro eta aisialdiko ekintza eskainiko baititu, bai eta Euskal Herriko surf zirkuitoan –Estatuko nagusia da– sona garrantzi handia duten zenbait txapelketa ere.

Izan ere, Sopelako Udalaren eta Euskal Herriko Surf Federazioaren arteko lankidetzari esker, asteburu horretan egingo da Euskadiko surf zirkuitorako baliogarria den bigarren txapelketa. Beraz, Arrietara hondartzan elkartuko dira euskal espezialista onenetako zenbaitzu. Lehiaketa hau, gainera, Euskal Herriko Txapelketa izango da open eta emakumezkoen mailan, bai eta longboard, SUP eta helduen mailetan ere.

Horrez gain, EHSF-ko kluben-arteko txapelketa ere egingo da egunotan. Lehiaketa honetan esku hartu ahal izango dute euskal kostaldean aritzen diren hamaika taldeek. Aurtengo lehiaketaren ezaugarri nagusia da, baina, Sopela Kosta Fest jaialdia dela eta talde guztien kapitainak emakumezkoak izango direla.

Sopela Kosta Festen ohikoa denez, herriko lau surf-eskola arduratuko dira kirol honetan hastapenak egin nahi dituztenei dohako ikastaroak emateaz, nahiz eta aintzat hartu behar den plaza mugatuak izango direla eta ezinbestekoa izango dela neska-mutilek 12 urte beteta izatea. Ikastaroak larunbatean eta igandean eskainiko dira, irailaren 24 eta 25ean, 11:00etatik 13:00etara, Arrietara eta Atxabiribil hondartzetan.

Laburmetraien lehiaketa: 1.000 euro saritan

Sopela Kosta Fest jaialdiaren iazko edizioan laburmetraien txapelketak izan zuen arrakasta handiaren ostean, antolatzaileak bigarren edizioan parte-hartuko duten bideo-lanak jasotzen ari dira egunotan.

Lan guztientzat ezinbestekoa da surfarekin eta naturarekin lotutako gaiei buruz aritzea, eta gehienez 10 minutuko iraupena izatea. Aurkezteko epea abuztuaren 29ra arte zabalik izango da eta ikusentzunezkoak email bitartez aurkeztu ahal izango dira, kultura@sopela.eus helbidean, edo bestela aurrez-aurre, Kurtzio Kultur Etxean (Mendieta 11, 48600 Sopela).

Sarituak izaten diren laburmetraia guztiak jendaurrean pantailaratuko dira, jaialdiaren lehen jardunaldian egingo den gala berezian, ostegunean, irailaren 22an. Gainera, jaialdiko web orri ofizialean ere ikusi ahal izango dira.

Guztira 1.000 euro banatuko dira saritan. Lanik onenak 500 euroko dirusaria jasoko du, 250 euro herriko egile onenak eta beste 250 euro ‘Taula Lila’ alorreko irabazleak. Atal honetan emakumeek eginiko laburmetraiek parte-hartuko dute, eta emakumezkoek surfean duten presentziari garrantzia emango zaio, estereotipoak edota genero ikuspegiko desberdintasunak apurtzeko grinarekin, beti ere.

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que tengas la mejor experiencia de usuario. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies.

ACEPTAR
Aviso de cookies